5. Izapidetutako kexa-espedienteen analisia
Txosten honen lehen kapituluaren 1.4. epigrafean, metodologiari buruzkoan, esaten genuen bezala, AMAL indarrean sartu zenetik, erakunde honek zenbait herritarren kexak izapidetu ditu, eta kexa horiei esker, araudi horren hartzaileek zer arazo, zalantza eta abar nagusi dituzten jakin ahal izan dugu.
Hiru urte eta erdiko indarraldian, erreklamazioak egiteko arrazoi hauek izan dira:
5.1. Eskatutako balioespena egiten atzeratzea
Arrazoi horrengatik aurkeztu ziren kexak murriztu egin dira denboraren joanean. Baliteke mendekotasun-egoera aitortzen duen ebazpena emateko epeak laburtzeagatik gertatu izana.
5.2. Balioespenaren emaitzarekin ados ez egotea
Kexa horiek egin dituztenen ustez, aitortutako mendekotasun-maila txikiagoa da dagokiena baino. Batzuetan, maila txikiagoa esleitzeagatik, ezin da gauzatu prestazioak eskuratzeko eskubidea, legearen pixkanakako aplikazioaren egutegiarekin bat. Beste batzuetan, ez dute zenbait zerbitzu jakin edo laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (III. gradukoei mugatutakoa) eskuratu.
Ez dugu ahalmenik edo judizio-elementurik, dagokion Foru Aldundiak baremoa nola aplikatu duen zalantzan jartzeko. Kasu horietan, pertsonak orientatzen ditugu emaitza horri administrazio- edo epai-bidetik kontra egiteko beren eskubideari buruz (dagozkien epeak, helegite mota eta helegite hori zer auzialditan aurkeztu behar duten adieraziz) edo, eskatzailearen osasuna narriatu den kasuetan, berrikusketa bat eskatzeko aukerari buruz.
Behinola, adimen-urritasuna zuen pertsona baten familiak planteatutako kexa zela eta, administrazioari informazioa eskatu genion, balioespen-zerbitzuek egindako balioespen teknikoa xehetasun handiagoz jakiteko. Espediente hori izapidetze-fasean dago.
5.3. Esleitutako baliabidea ematen atzeratzea (harrera, eguneko zentroa edo etxeko laguntza)
Arabako Foru Aldundiak etxeko laguntza-zerbitzua (EAZ) esleitzen atzeratu egin dela hauteman dugun zenbait kexa izapidetu ditugu. Atzerapen horiek batzuetan arrazoitu gabeak izan ziren. Aldundiari arazoaren berri eman eta gero, kexa horiek azkenean interesdunari zerbitzua esleituz ebazten ziren.
Ez zuten emaitza bera lortu Arabako Foru Aldundiak telelaguntzako zerbitzua esleitzen atzeratzea salatzen zuten herritarren kexek. Mendekotasun-egoeran zegoen adinekoa I. gradua II. mailan edo I. gradua I. mailan zegoela balioetsi zuten espedienteak ziren. Nahiz eta horrela balioetsitako pertsonentzat AMALen jasotako zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko eskubidea ez zen gauzatzen 2011ko urtarrilaren 1era arte edo 2013. urtera arte, hurrenez hurren, uste genuen interesdunei, oso adin handia izateagatik, 80 urte baino gehiago, eta osasun-egoera makala izateagatik, beren eskaera beteko zitzaiela, Araban apirilaren 24ko 39/2007 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorraren 2. puntuan ezarritako babes-maila osagarriari jarraiki.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) zerbitzu hori ematea zergatik ukatu duen erantzutean xedapen iragankor horren eskumeneko izaerari eusten dio –"GOFEk, 39/2006 Legearen 14.6 artikuluan aurreikusitako lehentasun-irizpide berak aplikatuz, telelaguntzako zerbitzua esleitu ahal izango die mendekotasuneko 1. gradua dutela balioetsi zaien pertsonei"– eta 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, aipatzen du. Horrenbestez, zerbitzuaren katalogazioa lehen mailako arretakoa dela esaten du, eta zerbitzu horren eskumena Eusko Jaurlaritzari ematen dion eskumen-marko berria aipatzen du.
Bigarren kontu horri buruz Administrazioari adierazi diogu 12/2008 Legearen zazpigarren xedapen iragankorraren edukiak, erabiltzailearen ekarpen ekonomia arautzen duen Dekretuari dagokionez, eta xedapen horren interpretazio analogikoak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoari buruzko Dekretua aipatzen duenak, ondorio hauek aterarazten dizkigula: garapen-araudi hori onartu arte, arlo horretan indarrean dauden xedapen arauemaileak aplikatuko direla Legea indarrean sartu arte.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako informazioaren arabera, telelaguntzako kudeaketa ez da onartuko 2011ko ekitaldira arte[76].
Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrak xedatzen du eskumenak berriz banatzeak eta ondoriozko finantza-doitzeak, inolaz ere, ez dituztela legea indarrean sartzeko datetan zeuden prestazioen eta zerbitzuen intentsitate- eta estaldura-mailak murriztu behar.
Gasteizen bizi den biztanleria zalantzaz ikusten ari da I. graduko mendekotasun-egoeran dauden pertsonei mendekotasun-egoeran ez dauden beste pertsona batzuek (pertsona autonomoak, haien arreta udalaren eskumena da) erabiltzen duten zerbitzu bat eskuratzeko aukera ukatzen ari zaiela, eta zenbait baldintza betetzen dituztela, paradoxikoki, haiek ere betetzen dituztenak.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren garapen koherentearen eta orekatuaren ikuspuntutik edo zuzentasun-irizpideei jarraiki prestazioak eta zerbitzuak eskuratzezko ikuspuntutik, ulertzeko zailak diren ustezko kasuak dira.
Telealarmako zerbitzuaren onuraduna den pertsona autonomo baten ustezko kasua planteatu beharko litzateke, I. graduan dagoen mendeko gisa balioestearen ondorioz, zerbitzu hori eskuratzeko eskubidea galdu duena. Zalantzarik gabe, egoera horrek zalantzan jartzen du 12/2008 Legearen 7. artikuluaren f) atalean jasotako arreta jarraituaren printzipioa ("… arreta jarraitua eta integrala izango dela bermatu beharko du, nahiz eta administrazio edo sistema bat baino gehiago jardun"), aipatu Euskal Sistema zuzendu behar duena, edo lege horren ikuspuntu komunitarioa, pertsonak bere ohiko bizilekuan egoteari lehentasuna eman nahi diona (14. artikulua).
[76] Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak hau jakinarazi zigun, 49/2009 ofiziozko espedientearen markoa: "EAEko lurraldeetan gaur egun ematen diren sistemei buruz egindako azterketak agerian uzten du desberdintasun handia dagoela prestazio-mailetan, eskuratze-betekizunetan edo prezio publikoetan, telelaguntzako sistemaren baitan. Hori dela eta, beharrezkotzat jo da analisi xehakatuko lan bat egitea, 2011. urtean EAE osorako zerbitzu homogeneo bat, Eusko Jaurlaritzaren titulartasuna izango duena, gure gain hartzeko moduan egoteko".
5.4. Arazoak etxeko laguntza-zerbitzuarekin (ELZ)
Etxeko laguntza-zerbitzuarekin lotuta, Arabako biztanleriaren zenbait kexa erregistratu ditugu, arretaren kalitatearekin, egin behar ziren lanekin edo zerbitzu hori ematen zuen profesionalaren egokitasunarekin zerikusia zutenak. Espediente horiek modu egokian konpondu dira, Arabako Foru Aldundiko langile arduradunarekin harremanetan jartzean. Gauza da gertakari mota horiek lehen administrazioak berak konpontzen zituela, etxeko laguntza zerbitzuei jarraipena egiteko eta kontrolatzeko programa bat baitzuen. Erregistratutako kexek argi adierazten dute beharrezkoa dela horrelako programa bat berreskuratzea.
Beste espediente batzuetan, Arabako Foru Aldundiak kontratutako enpresetako langileek etxeko laguntza-zerbitzuak betetzean egindako zenbait akatsen berri ematen zitzaigun. Arazo horiek behar bezala konpondu ziren, eta berriz ere, lagungarriak izan ziren agerian jartzeko komenigarria izango litzatekeela, nolabait, foru-administrazioa egiten ari zen ELZ programak jarraitzeko lanak berriz hastea, hobe zitezkeen alderdiak erregistratzeko aukera ematen baitzuten, eta horren ondorioz, programak behar bezala egokitzeko aukera ere.
Halaber, AMALen pixkanakako aplikazioari jarraiki oraindik eskubide eraginkorra ez zuten zenbait pertsonek kexak bidali dizkigute, ELZ emateko eskaeraren aurrean jasotako erantzunagatik. Kasu horietan, zerbitzua eskuratzeko eskubidea aitortzen zitzaien, baina baliabideak berriz esleitzeko programan sartzea erabakitzeko puntuazio bat ematen zitzaien, zerbitzu hori eman arte. Ustezko kasu horrek ere telelaguntzako zerbitzuan izandako tratamendu bera jaso du.
Erakunde honek urtero argitaratutako txostenetan, idatziz jaso dugu zerbitzu horrek garapen desberdina izan duela zenbait euskal udalerritan lortutako arreta-mailei, eskuratze-baldintzei, kalitateari eta abarri dagokienez.
Araudi komun bat ez izateak lurraldeen artean desorekak egotea eragin du. Desoreka horiek gainditzeak 12/2008 Legearen, abenduaren 5ekoaren, gizarte zerbitzuei buruzkoaren, garapena eta ezarpena gidatu beharko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esparru-hitzarmen bat sinatu zuen 2005. urtean bere lurraldeko udalekin, zerbitzu hori emateko zenbait irizpide berdin zehazteko. Lurralde horretako egoera nabarmen hobetu da.
Hala ere, Gipuzkoako udalerriren batean ez da jarraitu hitzarmenak adierazitako jarraibidea, zerbitzua emateko moduari dagokienez. Hala, udalak zerbitzuaren ematea bere gain hartu ordez, zuzenean edo zeharka, onuradunari diru-laguntza bat ematea erabaki zen, onuradunak berak egin zezan kontratazioa. Zerbitzua emateko modu hori, Bizkaiko udalerriren batean ere erregistratu zena, ez zen egokia, onuradunak etxeko laguntzailea bilatzearen eta kontratatzearen ardura osoa bere gain hartu behar baitzuen; gizarte zerbitzuek esleitutako lanekin bat zerbitzua egiten zela kontrolatzea zaila baitzen edo kontratatutako pertsonak arreta pertsonalerako behar zen prestakuntza espezifikoa ez izateko arriskua baitzegoen. Gainera, sistema horrek familiari uzten zion ordezkatzeko lana zerbitzua eman ohi zuen pertsona ez zegoen egoeretan (oporrak edo gaixotasuna).
5.5. Prestazioaren erreklamazioa atzeraeraginezko ondorioekin (mendeko pertsona hil ondoren)
Banakako Arreta Programa egin ondoren hildako mendeko pertsona baten familiari ukatu egin zitzaion atzeraeraginezko ondorioak zituen familia-ingurunean zainketak emateko prestazioaren (FIZPE) zenbatekoa ematea, nahiz eta programa horretan, Arabako Foru Aldundiak idatziz jaso prestazio horren egokitasuna.
Espediente hori eta beste antzeko batzuk izapidetzen ari dira.
Hala ere, hainbat iritzi aurrera ditzakegu:
Arabako Foru Aldundiak FIZPEren dekretu arauemailearen 21.a) artikuluan "dagokion prestazioa eskuratzeko eskubidea sortuko da onuradunak jaso beharreko prestazio jakina aintzatesten duen ebazpena oinarri hartuta" xedatzen du, 8/2010 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 20koa,, defizit publikoa murrizteko ezohiko neurriak hartzeko denak, aplikatzeko. Hain zuzen ere, Errege Lege Dekretuak AMALen lehen xedapen osagarria aldatu du zentzu horretan. Xedapen osagarri horren arabera, ebazpenetan jasotako eskubidea aitortzeak zerbitzuak eta prestazioak interesdunak eskatzen zituen unetik eskuratzeko eskubidea sortzen zuen. Hala, bere III. kapituluak mendekotasunagatiko prestazioen ordainketen atzeraeragina kentzen du eskatzaile berrientzat eskaera aurkezteko egunean, eta paraleloan, sei hilabeteko gehieneko ebazpen-epea ezartzen da. Epe hori ez betetzeak atzeraeragina ekarriko du berekin, betetzen ez den egunetik hasita.
Interesduna prestazioaren ondorioetarako data baino lehen hil denez, eta nolabait aipatu sei hilabeteko epea gainditu denez, ukoak legezko babesa du.
Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak bere araudian gehitu ditu Errege Lege Dekretuaren xedapenak, 93/2010 Foru Dekretua, uztailaren 200koa, menpekotasun-egoera aitortzeko prozedura arautzen zuen araudia aldatzen duena, onartzearen bidez.
Hala ere, ebazpenaren legaltasuna, bai eta aipatu xedapen arauemaileena ere, ez da oztopo AMALen jada aldatutako lehen xedapen osagarrian ezarritako erregimena egokiagoa zela pentsatzeko. 30/1992 Legearen 57.3. artikuluak eskaintzen duen aukera, ekintzei atzeraeraginezko eraginkortasuna emateko zentzuan baldin eta "interesdunari ondorio onuragarriak eragiten badizkio, ekintzaren eraginkortasuna atzera egiteko datan beharrezko gertaerak daudenean eta horrek beste pertsona batzuen legezko eskubideak edo interesak kaltetzen ez dituenean", aprobetxatu egin beharko litzateke mendekotasunaren moduko arlo sentikorrean. Bestetik, prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea onuradunari dagokio –mendekotasun-egoeran dagoen pertsonari– helburu bakar baterako erabiltzeko, hain zuzen ere, zaintzaile nagusiari ordaintzeko. Ondorioen atzeraeraginaren zentzuak egindako zainketa bat ordaintzeko logikari erantzuten dio. Ez da egokia inorena ez den gertaera batek, eta edonola ere, borondatezkoa ez denak –heriotza horrelakoa da–, aurretiko zainketa horren ordainketa oztopatzea.
5.6. Ondorio desberdinak kasu berdin-berdinentzat, aldundi bakoitzak erabilitako balioespen-tresnen aplikazio desberdina dela eta
2007an, ikusi genuen Gipuzkoan eta Bizkaian baremo osagarria (RAI-RUG) aplikatzearen ondorioz, lurralde horietan bizilekua zuten mendeko gisa aitortutako pertsonek adinekoentzako egoitzen foru-sare publikoa erabiltzeko aukera zutela, nahiz eta AMALen arabera, beren mendekotasun-gradua oraindik eraginkorra ez izan. Hala ere, kasu horietan, Araban bizi ziren pertsonak, mendekotasun-gradu horiek zituztenak, babes-maila osagarri bati jarraiki, sare pribatuan sartzeko banakako laguntza ekonomiko bat jaso zezaketen soilik, erroldatzeko antzinatasun-baldintzek gehitutako mugekin.
5.7. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren arautzerik ez izatea Bizkaian
2008ko uztailean, ofiziozko jarduketa bat hasi genuen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin batera, batez ere eguneko zentroetan eta harrera-zentroetan arreta behar zuten adinekoei eta urritasuna duten pertsonei eragiten dien araudi gabezia horren zergatiak jakiteko.
Adinekoentzako harrera-zerbitzuei dagokienez, Sailak esaten zuen bere egoitzen foru-sareak nahikoa baliabide zituela, lurraldeko harrera-eskaera iraunkor eta aldi baterako guztiak artatzeko. Eguneko zentroekin lotuta, adierazten zigun zenbait eremutan gerta zitekeen gabezia banakako laguntza ekonomikoen deialdien bidez ordezkatzen zela. Azpimarratu genion laguntza horiek diru-laguntza izaera zutela (laguntza horiek ematea ekitaldian kreditua egotearen mende dago), eta AMALek jasotzen duen zerbitzuari lotutako prestazioa, berriz, eskubide subjektibo bat dela.
Eguneko arretako zentroei eta urritasuna duten pertsonen harrera-zentroei dagokienez, adierazi digute lurraldean zeuden plaza guztiak foruarenak zirela, eta horrenbestez, ez zegoela zerbitzu pribaturik lurralde horretan. Hala ere, esan genion lurralde historikotik kanpo egoitza-arreta pribatua jasotzearen kasua gerta zitekeela (Arabak kontuan hartu duen egoera).
Azkenik, Aldundiak jakinarazi zigun araudi hori egiten hasi zela, pertsona bat egoitza batean, erregimen pribatuan, zaindu eta erantzukizun publikoko plaza esleitzen zaion arteko denbora-tarte horri aurre egiteko beharra zela eta.
Hain zuzen ere, izapidetutako kexa batzuek frogatzen zuten plaza esleitu arteko itxaro-denbora luzeegia izan zitekeela –kexa batzuetan bederatzi hilabeteko itxaronaldia erregistratu zen–.
Espediente jakin batean, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuari lotutako prestazioa ukatzeko eman zuen arrazoia hau izan zen: "eskatutako prestazio ekonomikoa funtsatuko zuen araudirik ez izatea".
Gure ustez, egokia izango zen zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa onartzea (AMALen 17. artikulua), mendekotzat aitortu den pertsonari dagokion eskubide subjektibo bat baita (lege-testu horren 1. artikulua). Eskubide horren erabiltzeak ez luke egon behar derrigorrez bete beharreko legezko manua garatzen duen araudi bat izatearen edo ez izatearen mende.
Gure ondorioetan, hauek azpimarratu genituen: araudi hori ez izatearen ondorio negatiboak, Bizkaian bizi zen biztanleriari eragiten ari zitzaizkion kalteak, eta araudi hori ez egoteak dagokion administrazio-prozedura argitzea oztopatzen zuela eta administrazioari segurtasun gabezia juridiko argia eragiten ari zitzaiola. Foru-erakunderi adierazten genion komenigarria zela araudi hori ahalik eta denbora-tarte txikienean onartzea.
Araudi hori onartzen ez den bitartean, foru-administrazioari proposatzen genion antolamendu juridikoak eskain zitzakeen bideak aztertzeko, araudi gabeziak eragiten zituen kalteak arintze aldera:
– Erreferentziazko estatuko xedapenen aplikazio gehigarri posiblea: AMALen 1.1., 4.1., 5.1., 14.3., 17.1. eta 28.6. artikuluak, de la AMAL; bere 28.1. artikuluak, 30/1992 Legearen aipamen orokorra jasotzen duena, eta foru-erakundearen jarduketa haren arabera bideratzeko eta mendean jartzeko aukera ematen diguna, bai eta administrazioarentzat gutxieneko bermeen sistema bat ezartzeko ere –ekintzen eraginkortasunaren atzeraeragina, sare publikotik kanpoko egoitzan mendeko-egoeran dagoen pertsonak igarotako egonaldiak eragindako gastuak zer datatik aurrera hartu behar diren kontuan ezartzeko 57.3. aginduarekin bat, esate baterako–; eta AMALeko 20. artikulua, 7/2008 Errege Dekretuak, urtarrilaren 11koak, AMALen 2008. urteko prestazio ekonomikoei buruzkoak, eta 73/2009 Errege Dekretuak, urtarrilaren 30ekoak, 2009 ekitaldirakoak, ezarritakoen arabera zenbatu beharko liratekeen hileko kantitateak kalkulatzeko.
– Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuneko bide posiblea, zerbitzu publikoen funtzionamendu arruntaren edo ezohikoaren ondorioz. Hala, planteatu beharko litzateke erakunde kudeatzaileak 30/1992 Legearen 139. artikuluen eta ondokoei jarraiki sortutako kalte-galeren aurrean erantzun beharko lukeen. Aukera hori kontuan hartuta, azter daiteke administrazioak berak ondare-erantzukizuneko aipatu prozedura ofizioz hastea (lege horren 142. artikulua) eta haren bideratze laburtua (143. artikulua) adostea, zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta eragindako kaltearen kausalitate-erlazioa bistakoa dela ulertzen baita, bai eta kaltearen eta kalte-ordainen zenbatekoaren kalkuluaren balioespena ere.
Bukatzeko, iradokitzen genuen komenigarria zela bere garaian onartu zen araudiak zegokion xedapen iragankorra jasotzea, ordura arte erantzunik jaso ez zuten aurreko egoera guztiak atzeraeraginezko izaeraz jasoko zituena.
Azkenik, 2010eko ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiak 90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, mendetasuna duten pertsonentzako Bizkaiko foru egoitzen zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa arautzen duena, onartu zuen. Ikusten dugunez, dekretu horrek saihestu egiten du harrerazkoak ez diren beste zerbitzu batzuei lotutako prestazioen arautzea, hala nola eguneko zentroena.
5.8. Bizkaian lan egiten duten zerbitzuen eta prestazioen arteko bateraezintasunetik eratorritako arazoak
Zenbait kexa-espedienteetan, sumatu dugu Bizkaian zerbitzuak eta prestazioak aldi berean egiteko ezintasuna mendeko-egoeran dauden pertsonen arretaren kalitatea kaltetzen duela.
Planteatutako kexa batzuetan, etxeko laguntza-zerbitzua aukeratzean, sustatzaileek familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea galtzen zuten.
Hala, esate baterako, III. gradua 1. mailako mendeko pertsona batek, etxeko laguntza zerbitzuko hileko 25 orduan etxean artatua denak (kasu horretan esleitutakoak), ez luke prestazio ekonomikorik jasoko Bizkaian. Araban eta Gipuzkoan, berriz, egoera berean egongo zen pertsona batek etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) jasoko luke, bai eta familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa ere, zegokion ehunekoan murriztua (ikusi txosten honen 6. taula).
5.9. Prestazio ekonomikoetan egindako murrizketekin adostasunik eza
– Murrizketa beste zerbitzu batzuekin batera pilatzeagatik.
Kexa-espediente batean, interesduna ez zegoen ados Gipuzkoako Foru Aldundiak FIZPEren zenbatekoan egindako %50eko murrizketarekin. Foru-erakundeak murrizketa hori egin zuen, hartzailea lanerako zentro batera joaten zelako.
Herritarrari adierazi genion lanerako zentroa gizarte zerbitzuen esparruaren barruan sartzen zela (12/2008 Legearen, abenduaren 5ekoaren, Gizarte Zerbitzuei buruzkoaren, 22.2. artikulua eta 2.274/1985 Errege Dekretuaren, abenduaren 4koaren, 2. artikulua) eta ez laneko esparruan. Horrenbestez, lanerako zentroa eguneko zentroaren zerbitzuaren pare jartzea zuzena zen, eta horrek erabat justifikatzen zuen egindako murrizketa, garai hartan indarrean zegoen 133/2007 Foru Dekretuaren, azaroaren 20koaren, AMALen prestazio ekonomikoei buruzkoaren, 4.4. artikuluaren arabera egin zena.
Alderdi hori espresuki jasotzen da egungo 25/2009 Dekretuaren, uztailaren 21ekoaren, 4.5. artikuluan.
– FIZPE murriztea, etxean mendekotasun-egoeran dagoen pertsona bat baino gehiago dagoenean.
Etxean mendeko-egoeran dauden bi seme-alaba, adingabeak edo gazteak, FIZPEren onuradunak direnak, dituzten Arabako familien kexak jaso ditugu. Ez daude ados prestazio bakoitzari %25eko murrizketa egitearekin.
Neurri horrek legezko babesa du 70/2007 Foru Dekretuaren, urriaren 23koaren, Araban prestazio hori arautzen duenaren, 9.2. artikuluan. Hau adierazten du artikulu horrek: "Laguntzen titularrak eta mendekotasun egoera dauden beste batzuk etxe berean bizi badira, horietako bakoitzari % 25 murriztuko zaio prestazioa".
Murrizketa hori ez da horrela egiten beste bi lurralde historikoetan.
Gure ustez, zaila da neurri horren aplikazioari justifikazioari bilatzea, aurkeztu zaizkigun kasuetan. Arreta mota horretan izaten diren zenbait egoera direla eta (eguneko une askotan beste senide bat edo zaintzaile bat ezinbestean egon beharra, adinez txikikoak diren mendeko pertsonen beharrezko estimulazioa eta etengabeko arreta, adingabe horiek behar dituzten zerbitzuen koste ekonomiakoa –aulki bereziak, fisioterapiako saioak, estimulazioa, logopedia, familiarentzako ibilgailu bereziak, etab.–), komenigarria da murrizketa hori kentzea.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailari helarazi dizkiogu hautemate horiek, aipatu agindu arauemailea aldatzeko aukera balioetsi dezan. Saila oso harkorra izan da eta familia-inguruan zainketak emateko prestazioei buruz onartu den araudi berrian (40/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 3koa), aurrekoa indargabetzen duenean, aipatutako %25eko murrizketa kendu du.
6.5. atalean, murrizketa hori jasan zuen pertsona baten testigantza aurkezten dugu.
5.10. Prestazio ekonomikoa galtzea edo murriztea, mendeko-egoeran dagoen pertsonak hezkuntza bereziko zentrora joateari utzi eta lanerako zentro batera joaten hasten denean
Antzeko bi kasu planteatu zitzaizkigun, bata Bizkaian, eta bestea, Gipuzkoan. Bi kasuetan, urritasuna zuen adingabea etxean bizi zen, FIZPE jasotzen zuen eta hezkuntza bereziko zentro batera joaten zen (hezkuntza-sarearen mendekoa zena). Adin-nagusitasunera iritsi zenean, beste unitate batean artatzen hasi ziren –zentro berean– lanerako zentro gisa katalogatuta zegoenean (gizarte zerbitzuen sarearen mendekoa).
Lehen kasuan, Bizkaian prestazioen eta zerbitzuen artean dagoen bateraezintasuna dela eta, jasotzen zuen prestazio ekonomikoa kendu egin zioten, eta bigarrenean, prestazioa jasotzen jarraitu zuen baina %50ean murriztuta.
Bi erantzunak desberdinak izan ziren arren, araudiaren babesa zuten. Hala ere, kaltetutako pertsonek ez zituzten ulertzen.
5.11. Araututako zerbitzuekin desadostasunak
Arreta goiztiarren laguntzen,Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko 246/2007 Foru Dekretuaren, abenduaren 18koaren, 9. artikulua aplikatze aldera jasotzen direnen, onuraduna zen neskato baten gurasoak ez ziren foru-erakundearen iritzi berekoak, eta uste zuten ez zela egokia neskatoak estimulazio goiztiarreko programa fisioterapiako modulurik gabe jasotzea. Balioespen- eta orientazio-taldeak gurasoen eskaerari erantzun eta beste balorazio bat egin zuen, baina hasierako preskripzioa berretsi zuen.
5.12. EAEn adinekoentzako bizitegi-zentro eskasia, zenbait mendekotasun motentzat zerbitzu jakinen eskasia, eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonen gizarte- eta lan-integraziora bideratutako baliabideei eta programei erakundeek laguntza eskasa ematea
– Adinekoentzako bizitegi-plazak esleitzeko itxaronaldiari buruzko kexak erregistratzen jarraitzen dugu.
– Gaixotasun mental larriak dituzten pertsonentzako lanerako zentroren bat berehala itxiko delako keztatuta dauden pertsonen kexak jaso ditugu. Administrazioekin zentroak mantentzeko sinatu ziren zenbait hitzarmen iraungitzearen ondorioz itxiko dira. Beste kasu batzuetan, kezkaren zergatia da erakundeek babes txikia ematen dietela pertsona horien gizarte- eta lan-integrazioa lortu nahi duten ekimenei. Kasu horietan guztietan, behin eta berriz esaten diegu administrazioei beharrezkoa dela gailu mota horien alde egitea, ahalmen terapeutiko frogatua eta indar handia baitute, gaixotasun mentalak dituzten pertsonak gizartean eta lanean integratzeko. Hainbat baliabide motari buruz ari gara, hala nola eguneko zentroak, tailerrak, prebentzio-programak, osasunaren eta errehabilitazioaren sustapena, komunitate terapeutikoak, babestutako etxebizitzak, lanerako zentroak eta klubak.
– 65 urte baino gutxiagoko pertsona batek, mendekotasun handia duenak, batez ere fisikoa, eta etxean bizi denak, aldi baterako bizitegi-plaza bat eskuratzeko eskaera egin zuen, familiari atsedena emateko, baina ukatu egin zioten. Zerbitzu hori Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte zerbitzuen egindako Banakako Arreta Programan ezarritako pautan zerbitzu hori jaso arren, zerbitzu horretara sartzea ukatu zitzaion, zerbitzu mota hori ez baitzegoen erabiltzeko moduan pertsona horrek zuen urritasun motarako. Halaber, udalaren eskumenekoa den ELZ bidez arreta pertsonala eskatu zuen, baina Bilboko Udalak erantzun zion "…beharrezkoa da inplikatutako erakundeek zenbait gauza adostea". Zenbait hilabete geroago, ELZ abian jarri zen.
5.13. AMALen jasotako zerbitzuen eta prestazioen onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko desadostasunak
5.13.1. Mendekotasun-egoeran zegoen eta kongregazio bereko beste lekaime baten zaintzen zuen lekaime baten kasua planteatu zitzaigun. Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) ukatu zitzaion, ahaidetasun-baldintza ez betetzeagatik.
AMALen 2. artikuluak profesionalak ez diren zainketei buruz egiten duen definizioa ("mendekotasun-egoeran dauden pertsonei etxean familiako edo inguruneko pertsonek emandako arreta, arreta profesionaleko zerbitzu bati lotua ez dagoena"); 615/2007 Errege Dekretuak, maiatzaren 11koak, zaintzaile ez profesionalen Gizarte Segurantza arautzen duenak, jasotzen duen salbuespenak ("... salbuespen gisa, inguruneko pertsona baten zainketa ez profesionalak jaso ahal izango dira, adierazitako ahaidetasun-maila izan ez arren, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren udalerri berean edo ondoko batean bizi denarena, eta aurreko urtean zaindu duenarena."); beste arreta mota batzuk jasotzea eragozten duten kasuaren berariazko baldintzak (klausura-erregimena); eta gure ustez, komunitate mota horretan familia zibila bereizten duten elementu guztiak egotea direla eta, komenigarria litzateke irizpide hori malgutzea.
Iritzi horiek –Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi genizkionak– harrera ona izan zuten, eta 2009ko abuztuaren 4an, 25/2009 Foru Dekretua, uztailaren 21ekoa, AMALeko prestazio ekonomikoak arautzekoa, argitaratu zen. Foru Dekretu horren 14.d) artikuluan, ahaidetasun-baldintzatik salbuesten dira "erlijiosoek beren komunitateko beste kideei emandako zainketak".
Arabako eta Bizkaiko foru dekretuek ez dute egoera hori jasotzen, baina jakin dugu barne-jarraibide sendoen bidez artatzen dituztela, eta hori oso egokia dela uste dugu. Hala ere, behin eta berriz esaten dugu hobe litzatekeela, segurtasun juridikoko arrazoiengatik, ustezko kasu horiek dagokion araudian sartzea.
5.13.2. Euskal familia batean harreran zegoen saharar jatorriko adingabe batek mendekotasun-egoera aitortzea eska zezakeen kontsultatu ziguten.
AMALek bere 5.2. artikuluan estatu, autonomia eta nazioarte mailan indarrean dauden adingabeen legeei lotzen da, espainiar nazionalitatea ez duten adingabeentzat.
1989ko haurren eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenak, 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen babes juridikoari buruzkoa, eta Euskal Legebiltzarraren 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa. Lege horiek ezartzen dute administrazio publikoek adingabearen interes gorenaren arabera jokatu behar dutela eta haurraren eskubideak babesten direla bermatu behar dutela, haurrari jatorri nazionaleko diskriminaziorik gabe garatzen utziz. Adingabearen interes gorenak beste edozein legezko interesen gainetik egon beharko du.
Betebehar horiek kontuan izan behar dira hauek interpretatzean: AMALen 5. artikulua eta gure erkidegoen hiru aldundiek mendekotasun-egoera aitortzetik eratorritako eskubideak erabili ahal izateko baldintzak arautzeko egin duten araudia.
Adingabeei aplikatzeko antolamendu juridikoak ezartzen du berdintasun-printzipioa adingabeen tratamenduan eta jatorri-arrazoiengatik diskriminazioa debekatzea[77].
AMALek haurrei eta nerabeei aplikatzeko araudiari buruz egiten duen oharrari esker, adingabearen aldeko interpretazioa egin daiteke. –hau da, "adingabearen interes gorena"– legezko egoera administratiboan 5 urtean bizitzen egon dela eragiten du desberdintasunik ez izatea adingabe atzerritarren eta adingabe nazionalen tratamenduaren artean.
Bestetik, 1/1996 Lege Organikoaren, urtarrilaren 15ekoaren, adingabeen babes juridikoari buruzkoaren, 10.3. artikuluak hau xedatzen du: "arrisku-egoeran edo administrazio publiko eskumendunaren babespean edo zaintzan dauden adingabe atzerritarrek osasun-laguntza eta gainerako zerbitzu publikoak eskuratzeko eskubidea dute, legez Espainian bizi ez arren".
Gure ustez, mendekotasun-egoeren aurreko babesa aginduak aipatzen dituen zerbitzu publikoen baitan sartzen da.
Iritzi horiek Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazi ondoren, aldundiak kasua barne-bideratzearen bidez artatu du, dagokion araudiaren aldaketa onartzen den bitartean.
5.13.3. Espainiar nazionalitateko hiru urteko haur baten amak hiru urte baino gehiago zeramatzan EAEn legez bizitzen. Haur horri FIZPE emateko eskaera ukatu zitzaion, Gipuzkoako Foru Aldundiak ulertzen baitzuen amari eskatu behar zitzaion legezko bizitegi-aldia bost urtekoa zela, AMALen 5.1.c) artikulua aplikatze aldera. Egiatan, amak duela bost urte baino gehiagotik bizi zen Gipuzkoan –baina ez legezkoa administrazio-egoeran–. Adingabeari III. gradua 2. mailako mendekotasuna aitortu zitzaion.
Gure ustez, kasu horretan, espainiar nazionalitateko adingabea izateagatik, 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarren Espainian dituzten eskubideei eta askatasunei eta pertsona horien gizarteratzeari buruzkoa, ez aplikatzeak amaren legezko bost urteko bizialdia ziurtatzeko betekizunaren aldeko interpretazioa egiteko aukera ematen du, xede horretarako amaren bizialdia nahikotzat hartzeko zentzuan.
Espedientearen izapidetzean, amak espainiar nazionalitatea eskuratu du eta berriz FIZPE eskatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak berriz ere uko egin du, 5 urteko legezko bizitegi baimendua ziurtatu behar duela ulertzeagatik, espainiar nazionalitatea eskuratu duen kontuan hartu gabe. Foru-erakunde horri erabaki horrekin ados ez gaudela jakinarazi diogu, espainiar nazionalitatea eskuratu eta gero, ez baitzaio eskatu behar legezko administrazio-egoeran 5 urtean bizitzen egon dela ziurtatzeko, eta beste pertsona nazional batzuei ematen zaien tratu bera eman behar zaiela.
5.13.4. Beste kexa batean, galdetzen zitzaigun diskriminaziorik izan al zen mendekotasun-egoera aitortzea eskatzeko eskubidea eta aitortze horretatik eratorritako zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko eskubidea ukatu zitzaion adingabe atzerritar baten kasuan. Erabakiak legezko babesa zuen, adingabeak ez baitzuen betetzen atzerritarrei nahiz nazionalei eskatutako betekizuna, Espainiako lurraldean bost urtean bizi behar izatekoa –bost urte baino gutxiagoko adingabeen kasuan, zaintza eta babesa betetzen duenari eskatzen zaio bizialdi hori–. Beraz, ez zen hauteman diskriminaziorik.
Hori, ordea, ez da oztopo esateko behar bereziko kasuetan, eskuartean duguna bezalakoetan, beharrezkoa litzatekeela adingabearen interes gorenaren nagusitasunari arreta jarriz formulak egitea, mendekotasun-egoeraren babes eraginkorra eskaintzeko aukera emango zutena.
5.13.5. Portugaldar jatorriko pertsona bati, Espainian hogeita hamar urte baino gehiagoan lan egin zuenari, ukatu egin zitzaion Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema erabiltzeko eskubidea, ez baitzuen ziurtatzen eskaera egin aurreko bi urteetan bertan bizi izan zela.
Komunitateko pertsona bat zenez, 4/2000 Legea ezin zitzaion aplikatu. Lege horrek[78] ezartzen du erregimen komunitarioko arauek, eta aldekoagoak izan daitezkeen alderdietan aurreko araudiak bakarrik, zuzentzen dituztela Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalak.
Kasuari aplika dakiokeen araudiak, komunitateko herritarrei buruzkoak[79], ezartzen du[80] pertsona horiek edozein jarduera egiteko eskubidea dutela, besteren kontura edo norberaren kontura, zerbitzuak ematen edo ikasten, Espainiako biztanleriaren baldintza beretan, Europa Erkidegoa eratzeko Itunaren 39.4. artikuluan ezarritako mugari kalterik egin gabe.
Erregimen komunitarioko araudiak langileen zirkulazio askerako eskubidea ezartzen du. Hortik eratortzen da pertsona horiek gizarte-laguntza edo gizarte-prestazioak nazionalen baldintza beretan eskuratzeko eskubidea. Eskubide komunitarioak kanpo uzten du diskriminazio zuzen edo zeharkako oro eta prestazioak langilearen senideengana zabaltzen ditu (ezkontidea, 21 urte baino gutxiagoko ondorengoak edo bere kargura daudena)[81].
Europako komunitateen Auzitegi Judizialaren[82] dotrinaren arabera, besteren kontura lan egiten duten edo beren kontura lan egiten duten langileei edo estatu kide baten edo batzuen legediaren mendean egon diren langileei eta estatu kideetako bateko nazionalak direnei, eta beren familiei eta bizirik atera direnei aplikatzen zaie 1408/71 Erregelamendua. Araudi horrek bermatzen du estatu eskumendunaren kargura dagoela besteren kontura edo norberaren kontura lan egiten duten langileek eta beste estatu kide batean bizi diren langilearen senideek, beren estatuak laguntza behar duenean bizilekua den estatu kidearen lurraldean, eskubidea izango dutela gauzaz gaixotasun-prestazioak jasotzeko azken estatu kide horren erakundeak emandakoak[83]. Helburua da besteren konturako langileak eta bere kontura ari den langileak, bizitokia duen edo egonaldian dagoen estatu kidean, bere osasun-egoerari dagokion laguntza estatu kide horretako gizarte segurantzako sistemara afiliatutako pertsonekin berdintasun-baldintzetan jasotzeko aukera izango duela bermatzea. Beraz, araudi komunitarioak ez du babesten komunitatekoak diren biztanleek tratu desberdina izatea.
Portugaldar herritarraren kasuan, ez genuen antzeman tratu desberdina. Izan ere, Espainian bost urtean baino gehiagoan bizi izan zela ziurtatzen zuen arren, ez zuen egiaztatzen eskaera egin aurreko bi urteetan bertan bizitzen egon zenik, eta hori bete beharreko baldintza da, jatorria edozein izanda ere. Hori dela eta, jakinarazi genion bi urteko bizitokia bete arte itxaron behar zuela, AMALek aitortzen dituen eskubideen jabe izateko.
5.13.6. Bizkaiko Foru Aldundiak, FIZPEren dekretu arauemailea aplikatzeko, 93 urteko pertsona bati, mendekotasun-egoeran dagoenari (III. gradua 1. maila), prestazioa ukatzea ebatzi zuen, ahaidetasun-betekizuna ez betetzeagatik (hirugarren mailaraino) dekretu horretan ezarritako zaintzaile nagusiarekin.
Kasu horretan, oso baldintza bereziak zeuden: osaba-izebek beren lehen haurtzaroan hartu zuten mendeko-egoeran zegoen pertsona, eta seme bat gehiago balitz bezala zaindu zuten, izatezko egoera hori legez formalizatu gabe. Lehengusinarekin bizi izan zen bizitza osoan zehar, arreba bat balitz bezala, biak baserrian geratu baitziren. Izatezko arreba hil ondoren, alaba arduratzen zen osaba zuzentzat zuen gizon hartaz.
Foru-erabakia legezkotasunari atxikitzen zitzaion, formalki ahaideak baitziren laugarren graduan. Hala ere, ulertu genuen kasu horri artatzea justiziazkoa zela eta hala planteatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.
Foru-erakundeak jakinarazi zigun gure iritzi berekoa zela, eta aurreikusita zegoela kasu hori eta beste batzuk FIZPEren dekretu erregulatzaile berrian kontuan hartzea. Araudi berriaren onarpena atzeratzen ari zenez, eta pertsona oso zaharra zenez eta mendekotasun-maila handia zuenez, Gizarte Ekintzako Sailak instrukzio bat onartu zuen, kasu jakin hori artatzeko aukera eman zuena.
5.13.7. Pertsona bat mendekotasun-egoeran zegoen (III. gradua), eta ez zuen berarekin batera bizi eta zain zezaketen seniderik. Hori zela eta, familiakoa ez zen batek zaintzen zuen, eta berarekin batera bizi eta lan-harreman bat zuen.
Bizkaiko araudiaren arabera, ezin zuen FIZPE jaso, ez baitzegoen ahaidetasunik bien artean. Era berean, ezin zuen laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikorik eskuratu, ez baitzuen lan- eta hezkuntza-jarduera bakar bat ere garatzen –Bizkaian betekizun hori eskatzen dute, prestazio hori emateko–. Une hartan,ohartarazi genuen egoera hori beste bi euskal lurralde historikotan artatu zela: Araban, orduan indarrean zegoen urriaren 23ko 70/2007 Foru Dekretuaren 7. artikulua aplikatzeagatik, eta Gipuzkoan, laguntza pertsonalerako prestazioa ematearen bidez.
5.13.8. Zuzeneko senide batek mendekotasun-egoeran zegoen pertsona bat zaintzen zuen. Berarekin batera bizi ez arren, etxetik metro gutxira bizi zen.
Lehen aipatutako arabar aginduak ustezko kasu hori jasotzen zuen. Hala ere, ez Gipuzkoan (mendeko handia izateagatik), ez eta Bizkaian ere, ez luke prestazioa jasotzeko eskubiderik izango.
5.13.9. Gipuzkoan bizi izan zen adineko bat Arabara joan zen bizitzera, semearen etxera, bere osasun-egoerak okerrera egin zuenean. II. graduko mendekotasun-egoera aitortu zitzaion eta FIZPE eskatu zuen. Arabako Foru Aldundiak ukatu egin zion, eskaera egin zuen unean, mendeko-egoeran zegoen pertsonak eta bere zaintzaileak ez baitzeramaten urte bat elkarrekin bizitzen (orduan indarrean zegoen urriaren 23ko 20/2007 Foru Dekretuaren, prestazio hori arautzen zuenaren, 7. artikuluaren 4. atalak eskatzen zuen betekizun hori).
Uztailaren 21eko 25/2009 Dekretuaren 51.b) artikulua aplikatzeagatik, ezin zuen prestazio hori eskuratu Gipuzkoan, jada ez baitzegoen han erroldatuta, eta ez baitzen han bizi. Hala ere, pertsona horrek prestazioa eskuratzeko oinarrizko betekizunak betetzen zituen: mendekotasun-gradua eta –maila eraginkorrak izatea eta zuzeneko senide batek etxean zaintzea.
AMALek (14.4. artikulua) ezartzen du beharrezkoa dela mendeko-egoeran dagoen pertsona eta zaintzailea elkarrekin bizitzea, eta 615/2007 Errege Dekretuak, maiatzaren 11koak (1.1. artikulua), zer ahaidetasun eskatu behar den adierazten du (ezkontideak edo odolkidetasunagatik ahaideak, ahaidetasuna edo adopzioa, hirugarren ahaidetasun-mailara arte), baina inolaz ere ez da ezartzen gutxieneko elkarbizitza-aldi bat, prestazio hori eskuratzeko eskubidea izateko.
Betekizun hori beste bi euskal lurraldeetan aztertuta, ikusi dugu bietako batean ere ez dela eskatzen antzinatasuna erroldatzean.
Hala, EAE barruko mugimenduetan, Bizkaira edo Gipuzkoara joaten den pertsonak prestazio hori berehala jaso dezake, eta Arabara joaten bada, berriz, urte bat itxaron beharko du jasotzeko.
Ez da egokia tratu desberdin hori izatezko egoera beraren aurrean, are gehiago kontuan izaten badugu, mendekotasun-egoeran dauden adinekoen kasuan, leku-aldatze horiek ohikoak direla, seme-alabek txandaka zaindu ditzaten.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailari adierazi genion gure kezka eta azaldutakoa balioestea ere eskatu genion, betekizun horren araudi-aldatzeko bultzatzeko xedez. Foru-erakundeak adierazi zuen gai hori aztertuko zuela. Hala ere, dekretu berriak eskatzen du zaintzaile ez-profesionala prestazioaren onuradunaren etxe berean erroldatuta egotea eta bizileku eraginkorra bertan izatea, gutxienez urte bat aurretik (kasu horretan, BAP egiteko datan -jada, ez eskaeran). Aldundiari berriz eskatu diogu betekizun hori kentzeko.
5.13.10. Kexaren bultzatzaileari laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea kendu zitzaion, koinata, senarraren arreba, kontratatu zuenean, eta hala, legez kontra jasotako prestazioak itzultzeko prozedura bat hasi zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondo aplikatu zuen bere araudia, zehazki uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretuaren, prestazio horren erregulatzailearen, 16. artikulua. Artikuluak betekizun bezala ezartzen du laguntzaile pertsonalak familia-harremanik ez izatea onuradunarekin (odolkidetasunatiko, senidetasunagatiko edo adopzioagatiko laugarren ahaidetasun-mailatik aurrera harremanik ez dagoela ulertuz).
Hala ere, foru-erakundeari iritzi multzo bat helarazi genion, betekizun hori kentzea sustatzeko, faboratzen zuen bazterketak legezko babesik ez zuela ulertzeagatik (ez da jasotzen AMALen epigrafe bakar batean, ez eta garapen-araudi estatalean ere).
AMALen 18. eta 14.4. artikuluak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileen Gizarte Segurantza arautzen duen Errege Dekretuaren 1. artikulua eta 25/1009 Foru Dekretuaren 14. d) artikulua batera interpretatuz gero, ondorioztatzen da laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren baliabidea soilik debekatuko zitzaiela mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarekin bizi diren senideei (hirugarren ahaidetasun-mailaraino), kasu horretan, FIZPE soilik jasotzea egokitu baitzitzaien. Hori ez zen eskuartean genuen ustezko kasua.
Kontratatutako pertsona mendekotasun-egoeran zegoen pertsona bat zaintzeko zen. Nabardura hori bereziki hartu behar zen kontuan, arreta mota horretan ezinbestekoa baita kontratatutako pertsonarekin ahalik eta konfiantza handiena izatea. Interesdunak eta bere senarrak pentsatu zuten senarraren arreba zela pertsonarik egokiena eta laguntza pertsonalerako lanak egiteko berme handienak ematen zizkiena. Pertsona hori ez zen mendekotasun-egoeran zegoen pertsonarekin batera bizi, eta horrenbestez, ez zen egokia familia-ingurunean zainketak emateko prestazio bat jasotzea.
Gure ustez, senidea izateak ez luke eragotzi behar pertsona batek laguntzaile pertsonalaren jarduera profesionala egitea, eta era berean, ez luke eragin behar jarduera hori egiteko duen gaitasuna eta egokitasuna gutxiestea ere. Gure ustez, egokiena izango litzateke, kasu bakoitzean, langileak eskatzen diren betekizun profesionalak betetzen dituen eta jarduera edo lanbidea betetzeko prestatzeko duen egiaztatzea. Kontratatutako pertsona ahaideak izateak ez digu iuris et de iure pentsarazi behar ez dela soldatapeko profesional bat.
Ez dugu ulertzen zergatik baztertzen diren araua horren aplikazio subjektibotik laugarren ahaidetasun-mailara arteko senideak. Bazterketa horren azpian egon daiteke berez jarduera profesionala betetzen ez duten senideek gehiegikeriak edo iruzurrak egiteko beldurra. Gure ustez, egokia eta komenigarria da Administrazioak iruzurra eragoztea eta iruzurra jazartzen duten mekanismoak sustatzea. Hala ere, ikusten den bezala, iuris tantum uste bat da; hau da, soldatapeko pertsona langile gisa enplegatua izatea ziurtatzen duten zenbait betekizun betetzea eta izatea batez ere oinarri izango lituzkeen aurka proba onartzen du. Baldintza hauei buruz ari gara, besteak beste, enplegatuarekin ez bizitzea, enplegatuaren kargura ez egotea, Gizarte Segurantzak dagokion erregimenean alta emanda egotea eta kuoten ordainketa egunean izatea, eta lan-kontratu bat izatea. Baldintza horiek guztiak kasu horretan ematen ziren.
[77] Haurren eskubideei buruzko Hitzarmena
2. artikulua
"Estatu alderdiek konbentzio honetan adierazitako eskubideak errespetatuko dituzte, eta ziurtatuko dute konbentzio hau aplikatzen zaiela euren jurisdikzioaren mende dauden haurrei, inolako bereizketarik gabe, haurren, gurasoen nahiz euren lege-ordezkarien arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala, jatorri etnikoa edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, ezintasun fisikoak, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide".23.1. artikulua:
"Estatu alderdiek aitortzen dute ezintasun mentala edo fisikoa duten haurrek izan beharko dutela bizitza bete-betea eta egokia, baldintza jakin batzuetan, duintasuna ziurtatuko dietenak, beraien kabuz baliatzea ahalbidetuko dietenak eta haurrek komunitatean modu aktiboan parte hartzea ahalbidetuko dutenak.
Estatu alderdiek aitortzen dute ezintasuna duten haurren eskubidea arreta bereziak izateko, eta bultzatu eta ziurtatuko dute, eskuragarri dituzten baliabide guztiekin, zein baldintza ezarri eta baldintza horiek betetzen dituzten haurrei eta haur horiek zaintzeko ardura dutenei laguntza ematea, hala eskatu beharko dena, eta bat etorri beharko dena, haurren egoerarekin eta gurasoen edo haur horiek zaintzen dituzten pertsonen inguruabarrekin.
Ezintasuna duten haurren beharrizan berezien arabera, artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz ematen den laguntza dohainekoa izango da, ahal den guztietan, kontuan harturik gurasoen edo haurrak zaintzen dituzten beste pertsonen egoera ekonomikoa; laguntza hori bideratuko da ezintasuna duten haurrek modu eragingarrian eskura izan ditzaten hezkuntza, gaitasuna, osasun-zerbitzuak, birgaikuntza-zerbitzuak, enplegurako prestakuntza eta aisialdirako aukerak, eta zerbitzu horiek jaso ditzaten, haurrek gizarteratzea eta banakako garapena erdiesteko, bai eta euren kultura- eta espiritu-garapena ahalik eta gehien erdiesteko ere".
[78] Atzerritarrek Espainian dituzten eskubideei eta zereginei eta beren gizarteratzeari buruzko Lege Organikoaren 1.3. artikulua:
"Erregimen komunitarioko arauek, eta haientzat aldekoagoak izan daitezkeen alderdietan Lege honek, zuzenduko dituzte Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalak eta erregimen komunitarioa aplikatzen zaienak.
[79] 240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Ituna sinatu duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartzeari, askatasunez joan-etorrian ibiltzeari eta bizitzeari buruzkoa.
[80] 3. artikulua:
(…)
"2. Era berean, errege-dekretu honen aplikazio-esparruan sartutako pertsonak, kargura bizi diren hogeita bat urte baino gehiago ondorengoak eta errege dekretu honen 2.d) artikuluan jasotako arbasoek izan ezik, edozein jarduera izateko eskubidea dute, besteren kontura edo norberaren kontura, zerbitzuak ematen edo ikasten, Espainiako biztanleriaren baldintza beretan, Europako Komunitatea Eratzeko Itunaren 39.4. artikuluan ezarritako mugari kalterik egin gabe.
Kargura dagoen senidearen egoera ez da aldatuko, baldin eta kargura dagoen senideak lortutako diru-sarrerak bere mantenurako ez direla ziurtatzen duen lan-jarduera bat egiten badu, urteko zenbaketan hiru hilabete baino gehiagoko iraupena ez duten eta lan-merkatuan lanbide gisa jarraipenik ez duen lanaldi osoko lan-kontratu bat badu, edo lanaldi partzialeko lan bat egiten badu, ordainketa mantenurako beharrezkoa ez izanik.
Kargura dagoen senidearen egoera bukatuz gero eta Europar Batasuneko biztanlearen senide izateari aldi baterako utziz gero, 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren 96.5. artikulua aplikatuko litzateke.
(…)
4. Espainian bizi diren Europar Batasuneko biztanle guztiek, errege-dekretu honetan xedatutakoarekin bat, tratu-berdintasuna izango dute espainiarrekin, Europako Komunitatea Eratzeko Ituna aplikatzeko esparruan. Eskubide horren ondorioak Europar Batasuneko estatu kide bateko edo Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Itunaren kide diren estatu bateko nazionalitatea ez duten familiako kideengana hedatuko da, bizileku eskubidearen edo behin betiko bizileku-eskubidearen onuradunak".
[81] 45. artikulua (antzinako 39. artikulua TCE):
"1. Langileen zirkulazio askea ziurtatuta geratuko da Batasunaren barruan.
2. Zirkulazio askeak berekin ekarriko du estatu kideetako langileen artean nazionalitate-zioengatiko diskriminazioak indargabetzea, enpleguari, ordainketari eta beste lan-baldintzei dagokienez.
3. Ordena publikoko, segurtasuneko eta osasun publikoko arrazoiengatik justifikatutako mugei kalterik egin gabe, langileen zirkulazio askeak eskubide hauek ekarriko ditu berekin:
a) lan-eskaintza eraginkorrei erantzutekoa;
b) xede horretarako estatu kideen lurraldeetan lekualdatzekoa;
c) estatu kideetako batean bizitzekoa, bertan lan egiteko, langile nazionalen enpleguari aplika dakizkiokeen xedapen legalak, erregelamenduzkoak eta administratiboak kontuan hartuta.
d) estatu kide baten lurraldean egotekoa, bertan lan egin ondoren, Batzordeak ezarritako erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan".
[82] Petra von Chamier-Glisczinskik Krankenkasseren aurka egindako kasua, 2009ko uztailaren 16ko epaia.
[83] 1408/71 Erregelamendua. 19. artikulua. Estatu eskumenduna ez den estatu kide batean bizitzea:
"1. Besteren konturako langileak edo bere kontura lan egiten duenak, estatu eskumenduna ez den estatu kide baten lurraldean bizi denak eta estatu eskumendunak prestazioak eskuratzeko eskubidea izateko eskatzen dituen baldintzak betetzen dituenak, bere kasuan 18. artikuluaren xedapenak kontuan izanda, bizileku duen estatuan hau izango du.
a) Erakunde eskumendunaren kontura bizilekuko erakundeak gauzaz emandako prestazioak, erakundeak aplikatzen duen legediaren xedapenen arabera eta bertara afiliatuta egongo balitz bezala.
b) Erakunde eskumendunak emandako prestazioak dirutan, erakundeak aplikatzen duen legediaren xedapenen arabera. Hala ere, erakunde eskumendunaren eta bizilekua duen erakundearen artean aurretik hitzarmena egin ondoren, azken erakunde horrek eman ahal izango ditu prestazioak, lehenengoaren kontura, estatu eskumendunaren legediaren xedapenen arabera.
2. 1. ataleko xedapenak analogiaz aplikatu ahal izango dira estatu eskumenduna ez den estatu kide baten lurraldean bizi diren familiako kideei, bizi diren Estatuko legediari jarraiki prestazio horiek eskuratzeko eskubidea ez badute.
Baldin eta familiako kideak estatu kide batean biziko balira, non gauzazko prestazioen eskubidea aseguru- edo enplegu-baldintzen mendean ez dagoena, emango zaizkien gauzazko prestazioak besteren konturako edo bere konturako langilea afiliatuta dagoen erakundearen konturakoak izango dira, seme-alaben zaintza duen pertsonak edo ezkontideak estatu kide horretan jarduera profesional bat egiten duenean izan ezik".
5.14. Pertsona horiei eman beharreko arretan zenbait alderdi hobetzeko beharra
5.14.1. 40 urte baino gutxiagoko pertsona batek, mendekotasun-egoeran zegoenak eta urritasun fisikoa zuenak, bizitegi-plaza bat eskatu zuen zentro batean, non urritasun bera zuen bere arreba zegoen. Beste zentro batean, duela gutxi irekitakoan, esleitu zitzaion plaza, adinekoentzako egoitza batean txertatua zegoenean. Zentroan sartu eta gero, haren egoerarentzat eta gogo-aldartearentzat desegokia zela pentsatu zuen, eta hurrengo egunean, alta eskatu zuen. Arrazoi nagusia izan zen inguruko pertsonek beste kidetasun eta interes batzuk zituztela, eta askok arazo kognitiboak zituztela. Horrek guztiak zailtasun handiak eragiten zizkion bere gizarte-harremanetan eta zentroan integratzeko garaian. Aldundiak alta hori plazaren ukotzat hartu zuen, eta beste plaza bat lortzeko bi urteko zigorra aplikatu zion (ekainaren 7ko 96/2005 Dekretuaren 2.6. artikulua aplikatuz).
Gai hori planteatu genion foru-erakundeari, interesdunak emandako arrazoiak zentzuzkoak zirela ikusaraziz, eta ohartaraziz komenigarria zela ahizparen ondoan egotea. Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu hori aldatu zuen, zigorraldia bi urtetik sei hilabetera murriztuz (118/2009 Foru Dekretua, uztailaren 28koa), eta horrek mesede egin zion kaltetutako pertsonari.
5.14.2. Basurtoko Ospitaleko pediatria-neonatologiako medikuek bere zalantzak helarazi zizkigun Jaioberrien Unitateak goizegi eta pisu gutxirekin jaiotako haurren eta/edo urritasun bat izateko arriskua zuten haurtxoen familiei ematea komeniko litzatekeen jarraibideei buruz.
Zalantzarik gabe, gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazioaren ustezko kasu argi baten aurrean gaude, ezinbestekoa dela kaltetutako haurtxoei eta haien familiei arreta oso bat emateko.
Bizkaiko Foru Aldundian gai horretan jarduten diren langileekin harremanetan jarri ginen eta mezu argi bat transmititu ziguten: haurtxo horiek baloratzen ari dira eta beren mendekotasun-egoeraren aitorpena eskuratzen ari dira; kasu askotan, prestazio ekonomiko bat eta arreta goiztiarreko zerbitzuak arautzen ari dira. Komenigarria iruditu zitzaigun foru-erakundearen eta Basurtoko Ospitalearen artean ezinbestean harremana egon beharko zukeela. Ziur badakigu 2010eko otsailean bilera bat egin zela (Basurtoko Ospitalea, Pediatria Neonatologia Gizarte Ekintza Sailarekin, Gaigabeziarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia Oinarrizko Zentroarekin), eta topaketa horren ondorioz, gizarte- eta osasun-jarduketako prozedura bat abian jarri dela Basurtoko Ospitalean, Neonatologiako, Pediatriako eta Gizarte Laneko atalen partaidetzarekin, gaixoen eta osasun- eta gizarte-sistemaren artean komunikazioa errazteko.
5.14.3. Arartekoak ofiziozko espediente batean esku hartzeagatik, Arabako Foru Aldundiak zentro bateko (bizitegikoa edo egunekoa) erabiltzaile bati beste zentro batera lekualdatzeko eskatzen zitzaion betekizun bat kendu zitzaion. Betekizun horrek ezartzen zuen beharrezkoa zela jatorrizko zentroan egokitzapen-aldi bat betetzea, hasieran 6 hilabetekoa[84] zena, eta ondoren 3 hilabetera[85] murriztu zena. Arartekoaren ustez, ez zen betekizun hori eskatu behar, batez ere lekualdatzeko arrazoia erabiltzailea bere familia- eta gizarte-ingurunera gerturatzea zenean, eta batez ere, lekualdaketa horrek udalerriz aldatzea eragiten bazuen.
Azkenik, Arabako Foru Aldundiak 85/2008 Foru Dekretua, irailaren 16koa[86], egun indarrean dagoena, onartu zuen. Foru Dekretu horrek betekizun hori kentzen du eta lekualdatzeko arrazoi hauek ezartzen ditu:
– familiaren etxera gerturatzea;
– eskatutako zentroa egokiagoa izatea, erabiltzailearen beharrei dagokienez.
– eskaera behar bezala arrazoitzen duen beste edozein arrazoi pertsonal eta/edo familiako arrazoi.
Hala, pertsona batek zentroz aldatzea eskatzen badu, familia-baldintzak eta baldintza pertsonalak kontuan izango dira, eta bere ingurune naturaletik gertu dagoen plaza bat esleitu ahal izango zaio, jatorrizko zentroan zenbat denbora daraman kontuan izan gabe, foru-erakundeari helarazi genion iradokizunarekin bat.
5.15. Murrizketak aurretik eskuratutako eskubideetan
Zerbitzuari lotutako prestazioari buruzko Arabako foru-araudiaren (24/2008 Dekretua, apirilaren 8koa) aplikaziotik eratorritako arazo multzo baten berri izan dugu, abenduaren 30eko 77/2004 foru-dekretuen eta uztailaren 3ko 53/2007 foru-dekretuen, sare publikokoak ez ziren egoitzetan mendeko-egoeran dauden pertsonak sartzeko banakako prestazio ekonomikoak emateko sistemaren araudi erregulatzailea ezartzen zutenen, arabera,mendekotasun-egoeran zegoen pertsonak antzeko laguntzak jasotzen zituen kasuetan.
Kasu horietan, araudi berriak zenbateko txikiagoak aurreikusten ditu orain arte jasotzen zirenak baino, eta Administrazioak araudi hori atzeraeraginez aplikatu du, jada ordaindutako zenbatekoak eskatuz, eta horrenbestez, aurretik eskuratutako eskubide batzuk mugatuz.
Erakunde hori murrizketa horien kontra dago, eta araudi berria indarrean jartzen denetik araudi hori aplikatzearen alde, segurtasun juridikoaren, kontrako zigor-xedapenen edo banakako eskubideen xedapen murriztaileen (Espainiako Konstituzioaren 9.3. artikulua) atzera-eraginezintasunaren printzipioei eta Auzitegi Konstituzionalak gai horri buruz behin eta berriz errepikatutako jurisprudentziari (97/90, 42/1986 eta 70/1988 Epaiak) jarraiki.
5.16. Beste laguntza mota batzuk eskuratzeko arazoak
5.16.1. 118/2007 Dekretuak, uztailaren 17koak, familiako bizitza eta lana bateratzeko neurriak arautzen dituenak, bere 16.2. artikuluan aurreikusitako laguntzei heltzea eragozten zuen mendekotasun-egoera zegoen pertsona, hura zaintzeko lanaldia murrizteko eskatu zena, gizarte zerbitzuetako eguneko zentro batean zaintzen bazen. Muga hori ez da egiten seme-alabak zaintzeko lanaldiaren murrizketa bat denean.
Beraz, adingabea (mendekoa izan edo ez izan) hezkuntza-sareko zentro batera joaten bazen, adingabea zaintzeko lanaldia murrizten zuenak laguntza eska zezakeen. Aitzitik, gizarte zerbitzuetako sareko zentro batera joaten bazen, ezin zuen laguntza jaso, nahiz eta bi kasuetan mendeko-egoeran zegoen pertsona etxetik kanpo eguneko antzeko ordu kopuruan zaindua izan.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari helarazi genion kasua eta planteatu genion tratuan izandako desberdintasun hori diskriminatzailea izan zitekeela, behar bezala justifikatuta ez bazegoen. Sailak adierazi zigun kontuan izango zuela gure gogoeta aipatu Dekretuaren berrikusketa bat egiten bazen. Hain zuzen ere, horrela egin zuen, eta 177/2010 Dekretu berriak, ekainaren 29koak, familiako bizitza eta lana bateratzeko laguntzei buruzkoak, mendeko-egoeran dagoen senide bat zaintzeko lanaldi murrizketa eskatu duen bati laguntza eskatzeko aukera ematen dio, mendeko-egoeran dagoen pertsona gizarte zerbitzuetako sarearen eguneko zentro batera joan arren.
Dekretu horrek mendeko-egoeran dauden pertsonei laguntzeko zenbait taldek eskatzen zuten araudiaren aldaketa bat ere barne hartzen du. Zehazki, 21. artikuluak bermatzen du emakumeen eta gizonen zenbateko ekonomikoak berdinduko direla. Aurreko araudiari jarraiki, zenbateko handiagoak ezartzen ziren gizonentzat, ekintza positiboko neurri gisa. Hala ere, zainketaren gizarte-errealitatea dela eta, aholkatzen zen emakumeak ez kaltetzea gai horretan.
5.16.2. Bere garaian, hainbat kexa jaso genituen, 65 urte baino gehiagoko pertsonek Bizkaian laguntza-produktuak erosteko eskaintzen ziren laguntza ekonomikoak eskuratzeko zuten ezintasunarekin zerikusia zutenak. 2003. urtean, ofiziozko espediente bat izapidetu genuen, eta espediente horretan, Aldundiari adierazten genion komenigarria zela adinaren betekizuna kentzea laguntza horiek eskuratzeko. Gai hori aztertuko zutela jakinarazi ziguten, baina araudia ez zen aldatu hainbat urte igaro ziren arte, zehazki 2009. urtean.
2008. urtean, mendekotasun-egoeran zegoen bizkaitar baten kasuaren berri izan genuen, etxebizitza egokitu gabea zuenarena. Mendekotasun hori zela eta, etxean obrak egin behar izan zituen eta beharrezko laguntza-produktuak erosi, familia-ingurunean zainketak emateko prestazioa eskuratu ahal izateko. Paradoxikoki, pertsona hori ezin zen foru-laguntza ekonomiko bakar baten onuradun izan gastu horiek ordaintzeko, 65 urte baino gehiago baitzituen.
Muga horrek desegokia ematen zuen, mendekotasun-egoeran zeuden adineko askori beren autonomia errazteko behar zituzten produktuak eskuratzea eragozten baitzien. AMAL indarrean sartu zenean, nabarmendu zen neurri hori erabat desegokia zela, araudiak iradokitzen zituen printzipioak ikusita. Pertsona etxean egoteak, lortu nahi den helburu gisa, eskatzen du etxean bizigarritasun-baldintza egokiak egotea, familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa jasotzeko sine qua non betekizuna baita. Era berean, laguntza-produktuak izatea, ezinbestekoa izan daiteke betekizun hori betetzeko.
2009. urtetik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak Autonomia pertsonala sustatzeko, orientazioa emateko eta, sustapen horretan laguntzeko produktuak mailegatzeko, foru zerbitzu publikoa –Gizatek– sortzeak eta dagokion erregulazioa aldatzeak arazoa bukatu zuen, aipatutako adin-betekizuna kenduz.
5.17. Prezio publikoaren kalkuluarekin desadostasuna
Bizkaiko udal batek mendekotasun-egoera aitortu zitzaion pertsona batekin (III. gradua 2. maila) bizi zirenen diru-sarrera guztiak zenbatu zituen, arautu zitzaien ELZren prezio publikoa kalkulatzeko. Udalak errentaren eta bizikidetzako unitate ekonomikoaren ondarearen zehaztapena zuzentzen duten irizpideak aplikatzen zituen, diru-sarrerak bermatzeko errenta izateko eskubidea ematen duten baliabide ekonomikoak ez daudela egiaztatzeko aurreikusitako arauen arabera.
Udalari jakinarazi genion hori ez zela moldatzen 12/2008 Legearen, abenduaren 5ekoaren, Gizarte Zerbitzuei buruzkoaren, 57.4.b) artikuluak agindutakora. Artikulu horren arabera, erabiltzailearen baliabide ekonomikoak soilik hartu beharko lirateke kontuan, gainerako senideak ekonomikoki pertsona horren mende daudenean izan ezik.
Udala ados egon zen iritzi horrekin, eta horren ondorioz, zenbatekoa aldatu zuen, mendekotasun-egoeran zegoen pertsonaren diru-sarrerak soilik kontuan hartuz.
5.18. Beste alderdi batzuei buruzko salaketak
Beste espediente batean, Bizkaiko Foru Aldundiak mendekotasun-egoera balioesteko zerbitzuak egiteko beste enpresa batzuk azpikontratatzen zituela jakinarazi zitzaigun, AMALen 28.6. artikuluaren edukiak hau esan arren: "Administrazio publikoek zuzenean egin behar dituzte mendekotasun-egoeraren balioespen-zerbitzuak, zerbitzuen eta prestazioen aginduak, eta Lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen kudeaketa, eta ezingo zaie erakunde pribatuei zerbitzu horiek eskuordetu, ezingo dira erakunde pribatuak zerbitzu horiek betetzeko kontratatu, ez eta erakunde pribatuekin zerbitzu horiek ematea hitzartu ere".
Gai hori txosten honen 3.2.2.3. atalean lantzen da.
Aurkeztutako kexa batzuk Arartekoaren gomendioen sorburu izan dira:
– Arartekoaren ebazpena, 2009ko uztailaren 23koa. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa ematea, mendekotasun-egoera balioesteko eskaera egin zen datatik aurrera.
FIZPE emateko betekizunen betetzean desadostasunak zeudela planteatzen zen, zehazki, familia-esparruan zainketak eraginkortasunez egiteari buruzko betekizuna, prestazioa eskatzeko unean, emate horren ondorioak atzera egin beharko luketen garaian.
133/2007 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrak betekizun hori egiaztatzeko etxe berean erroldatuta egotea, eta zaintzailea eta mendeko-egoeran zegoen pertsona elkarrekin bizitzea eskatzen zuen.
Kexaren sustatzaileak bizikidetza hori ziurtatzen zuen, eskaera egin zen unetik, udal agintaritzak egindako bizikidetza-ziurtagiri baten bidez, baina erroldatze-ziurtagiriaren datak beranduagokoa zen.
Gure ustez, erroldatze-ziurtagiri bat izateak ez luke berariazko betekizuna izan behar prestazioa emateko, baizik eta eskubidez onar daitezkeen proben artean beste bat.
Ez zirudien egokia foru-araudi berak frogatzeko bideak mugatzea. Izan ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 80.1 artikuluarekin bat, eskubidez onargarriak diren guztiak baitira frogatzeko bideak (Kode Zibilean eta auzipetze zibilari buruzko Legean aurreikusitakoak: dokumentu publikoak, pribatuak, alderdien itaunketak, lekukoenak, presuntzioak, etab.), are gehiago, behin eta berriz aipatutako jurisprudentziaren arabera, muga hori lege lerruneko arau baten bidez soilik ezar daitekeenean, aipatu foru-dekretuak ez duen lerruna hain zuzen.
Hori dela eta, Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatu zion FIZPE emateko mendekotasun-egoera balioesteko eskaera egin zen datatik hasita, bizikidetza-betekizuna behar bezala egiaztatuta zegoela uste baitzuen.
Gaur egun, 25/2009 Foru Dekretuak, uztailaren 21ekoak, AMALen prestazio ekonomikoak Gipuzkoan arautzen dituenak (eta aipatu 133/2007 Foru Dekretua indargabetzen duenak), ez du aipatzen erroldatze-ziurtagiria, eta 14. artikuluan hau xedatzen du: "zaintzaile ez profesionalak legezko egoeran bizi beharko du Gipuzkoako Lurralde Historikoan".